Kaixo lagunok:
Hemen dakarkizuet Xebe Atenciari egindako elkarrizketa, goza ezazue.
1.- Nola sartu zinen bikoizketaren munduan?
19 urte nituen. Ikasketak utziak nituen eta, ETB martxan
hastekotan zenez, euskerazko bikoizketa ere hastekotan zen, eta probetara
aurkeztu nintzen. Xeberrik egin zidan proba. Gainditu nuen, gero ikastaro labur
bat eman ziguten eta holaxe, poliki-poliki bikoizketako benetako lantxoak
eginez, konturatu orduko, bikoizketaren munduan sartuta nengoen.
2.- Lehendabizikoz elkartu zinetenean, bazenekiten zer
bikoiztuko zenuten ala sorpresa izan zen?
Ez, bikoiztera joateko deitzen dizutenean, normalean ez
dakizu zer bikoiztu behar duzun, ez bada zerbait berezia.
3.- Zeren arabera erabakitzen da zein pertsonaia bikoiztuko
duzun?
Hori bikoizketa-zuzendariak erabakitzen du hainbat
alderdiren arabera: ahotsa, interpretazio mota, adina, ze bikoiztaile dauden
libre, etab.
4.- Nola prestatzen da ahotsa jarriko diozun pertsonaia baten
papera?
Ez da prestatzen. Zuzenean egiten duzu. Bikoizketa-salara
sarzen zara, batzuetan, ez beti, zuzendariak jarraibide batzuk ematen dizkizu,
jatorrizko irudiak ikusten dituzu eta... aurrera.
5.- Son Goku eta Son Gohan bikoiztu zenituen.
Ezberdintasunik nabaritu zenuen bi pertsonaien artean?
Egia esan, ez handirik. Beharbada, Goku aukeran
txoriburuagoa edo da, baina, orokorrean, nahiko antzekoak dira. Izan ere,
jatorrizkoan ere, oker ez banago, bikoizle berak egiten ditu, eta, beraz,
antzeko ahotsa darabilte.
6.- Garai hartan hasiberriak izanda, nola hobetu zenituzten
ahotsak eta abar? (
bizkoizketaz ezer jakin gabe joan baitzineten, oker ez banago)
Inoiz ez dugu prestaketa berezirik egin, ez prestakuntzarik
jaso. Asko jota, bakoitzak bere aldetik zeozer, foniatraren batekin ahotsa
landu edo holako zerbait, baina, orokorrean, lanean arituz ikasi duguna
besterik ez daukagu.
7.- Euskal bizkoizleek familia bat osatu zenutela esan
daiteke?
Ez, jende asko mugitzen den leku guztietan bezala,
bikoizketan ere denetik dago, rollo onak eta txarrak. Normalean, lan asko
dagoenean, giro hobea izan ohi da, eta lan gutxi dagoenean, eskasagoa, baina
familia bat osatu..., inondik inora ere ez.
8.- Zein da gogoratzen duzun pertsonaiarik zailena, bikoiztu
dituzun guztietatik?
Zalantzarik gabe, mutil gazte bat, “Equus” izeneko pelikula
batean. Gazte zoro bat zen, eta pelikulako protagonista zen, Richard Burtonek egiten zuen psikiatrarekin
batera. Eszena batzuk oso zailak izan ziren: oso luzeak zirelako, ezin zen-eta inon moztu, eta gainera oihu
piloa eta gauza arraro asko egiten zituelako. Akorduan daukat zelan ordubete baino gehiago
egon ginen take bat egiteko. Baina, tira, azkenean, oso ondo gelditu zen, nik
uste.
9.- Euskal gazte askoren heroia da Son Goku. Zer sentitzen duzu garai batean
umeak eta orain helduak diren horien heroia izateaz?
Ba, bitxia
egiten zait, ikusirik gaur egungo heldu askok Son Goku ezagutzen dutela, edo
esaten didatenean eurak Son Goku ikusiz hazi zirela. Denboraren joana ere
gogorarazten dit horrek, Dragoi Bola bikoizten hasi gineneko garaiak etortzen
zaizkidalako burura, eta kontuan izan behar da Dragoi Bola duela hogeita hamar
urte hasi ginela bikoizten.
10.- Zer
sentitzen duzu hitzaldietan jendeak galderak euskaraz egiten dizkizutenean?
Euskeraz
egiten dizkidatelako galdetzen badidazu, ba, zer esatea nahi duzu, normala
iruditzen zaidala, ze Euskal Herrian Dragoi Bola ezagutzen dutenek, gehienek
behintzat, euskeraz ezagutu dute, eta beraz, horrek suposatzen du euskaldunak
direla.
11.- Nolakoa izan da euskal bikoizketaren eboluzioa?
Ezin txarragoa. ETB-k ez du jakin bikoizketa-politika
zentzuzko bat egiten, eta bikoizketa-estudioek dena kakaztu dute, kudeaketa
txarrez eta diru-gosez edo. Tristea da, baina dena pikutara joan da.
12.- Zein pertsonaia gustatuko litzaizuke bikoiztea?
Ez dut inoiz pentsatu. Niretzat, dudan ahotsagatik, umeak eta gaztetxoak dira
egokiak, eta gogoratzen dut Spielbergen pelikula bat, Empire of the sun,
zeinetan protagonista mutiko bat zen, Christian Balek antzeztua, eta, ikusi
nuenean, pentsatu nuen bikoiztea gustatuko zitzaidala.
No hay comentarios:
Publicar un comentario